XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Eta nola uste duk hik hitzegin behar diadala? Ezer falta al duk pozik egoteko? Lana baduk, eta soldata ona.

Jauntxoak bezala jazten haiz.

Tabernetara joan, dantza egin, eta hire neska lagunek telefonoz deitzen diate.

Zer behar duk gehiago? Niri ulertu? Niregatik ez hadi kezka.

Eta ez hadi pentsatzen hasi ea beste ezer badagoen ala ez egiteko.

Hi, hoa heure gauzatara.

Egizak lo lasai, jan ezak ondo.

Egin ezak kaka ere ondo.

Ez itzak Iruñetik honuntzako bidaia horiek egin tenple txarrean jartzeko.

Hemendik urte pare batera, ezkon hadi, eta egina daukak bizitza.

Ez diat ulertzen zertan ari haizen hemen nirekin berriketan esanez nire izateko modua ez zaiala gustatzen edo hire anaia Joxe beste modu batera tratatu behar dela.

Emaiok egurra gorputzari, eta hago isilik.

Sutu egiten ninduen era horretara hitzegiten entzuteak, baina balditu ere bai piska bat.

- Horixe behar niake egin.

Zuen arteko gerra horietatik ez diat ezer garbirik ateratzen.

Joxek eta biok zuen arteko iskanbila horiek baldin badituzue, usteltzea asko duzue hortxe.

Galdarak lurrean utzi zituen.

Tarteka erregadiatzen aritua zen, baina orain niri begira geratu zitzaidan.

- Gauza honetaz guztiaz oso idea polita daukak hik.

Hi, erdian. Ez baten alde, ez bestearen alde.

Tartekari gehienez ere, ea ulertzen dugun hemen ez dela ezer gertatzen, eta era horretara zertan jarririk ez dagoela.

- Hori baino ere askoz ere errazagoa duk.

Nik bakarrik uste diat zentzuz arrazoitzen hasi litekeela.

Hik dena esajeratu egiten duk.

Gauzak bortxatzetik bizi haiz hi.

Biraoa bota zuen hori entzun zidanean.

Galdarak betetzera joana zen, baina bota eta urrats luzeka etorri....